LABURBIRA HASTEAR

Martxoaren 1ean abiatuko da LABURBIRA ikus-entzunezko zirkuitua. 30 emanaldi eskainiko dira apirilaren 3a bitartean, Euskal Herrian eta Paris, Madril zein Londresen. Iraupen laburreko 8 ikus-entzunezko ikusi ahal izango dira. Horien artean gure «Urrezko eraztuna»
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=n9N61bqzjpM[/youtube]

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak LABURBIRAren bederatzigarren edizioa aurkeztu du gaur Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du TOPAGUNEAk,  herrietako Euskara Elkarteekin lankidetzan.

Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da. Aurten aukeratutako ikus-entzunezko sorta sorpresaz beterik dator gainera: Alde batetik, 1961eko ‘Aberria’ eskainiko da. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten digu, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik.

Bestetik, lehen aldiz LABURBIRAn, euskaraz ez den film bat ere sartu da programazioan: Xoxe Diazen ‘Instalación’. Galizian eta galegoz egindako lana. Edizio honetatik aurrera, LABURBIRAk urtero eskainiko du  egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean  sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.

Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dira programazioan: Joseba Uberuagaren ‘Izena duena’ 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren ‘Ohe azpiko zera’, gerra zibilean girotutako istorioa.

Beste lau lanak Maialen Sarasuaren ‘Hemen nago’, Gregorio Muroren ‘Zeinek gehiago iraun’, Revolta Permanent taldearen ‘Kantuka’ bideoklipa eta, jakina, gure ‘Urrezko eraztuna’ izango dira. Bistan denez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak…

Filmen sinopsiak eta emanaldi egutegia interneten topa dezakezue.